Misionesten etxearen eraikitzailea Jean Baptiste GARAT
JEAN BAPTISTE GARAT PIKASARRI. Sortu zen Hazparne Pikasarrian, 1773 eko uztailaren hamazazpian. 29 urtetan etorri zizaion apez egiteko gogoa eta ordutik hasi zituen ikastaldiak, peko mailatik abiatuz. Ordu arte bizi alaia eremana zuen Hazparnen, pesta antolatzaile lehena izanez. Apeztu zen 1807 eko urtean eta Ustaritzerat izendatu zuten. Ustaritzen, laster ohartu ziren pereiku alkitik mintzatzeko zaukan dohainari. Apez hunen izaitea ongi inguratzeko, huna Hazparnen gertatua eta Xipri Arbelbidek kondatzen duena beren liburuan,(Jean-Pierre Arbelbide 1841-1905). < Urte batez, Hazparneko jaun Erretorak bere Eliza-Pestarako predikaritzat galdatu zuen, eta sekulan menturaz ez dute Hazpandarrek halako prediku sarkorrik entzun. Ez zituen hitz bakar batzu baizik erran herriko Patroinaz, Jaundone Joani-8atistaz; mintzatu zen bere buruaz, bere gazte denborako zorokeriez, bere espantuez, bere barreiamenduez. Eta nola urrikiaren karrak emendarazten baitziozkan bere hutsak, erran ahala baino gehiago ari zen bere buruaren apaltzen, osoki belzten, bularrak joiten zituela eta begietarik nigarra zariola. Eta elizako jende guzia nigar hipetan, halako moldez, nun azkenean ez baitzen gehiago predikaria entzuten ahal. Oi zer kofesioa! Aitorlearentzat ere baino gehiago, populu handi batentzat osoki baliatu zena. Prediku alkitik jaustearekin erran zioten: "Ene herritar maiteak, aitortu dauzkizuet ene bekatuak diren bezala; hemendik goiti, zuenak aipatuko ditut, hekien gudukatzeko eta zuen salbatzeko."
Misionesten Etxea - Landaburua.
1814 eko urtean etorri zen Hazparnerat, Bikari, eta hor egon, zortzi urtez. 1822 ko urtean, gogoan hartu zuen misionesten etxe baten eraikitzea. Haren lehen misionest lagunak izan ziren: Aita Intxauzpe eta bi diakre Girez eta Gimon. Gero jin ziren: Aita Zarote, Aita Pergilhem eta Aita Haramburu. Behin, Baionako semenariotik hurbil kokatu ziren lehen misionestak. Gero laster, Larresoron erosi zuten Iturrinea deitu etxe bat , bainan han jarri bezain laster, Hazparnen Landaburua deitu etxea saltzeko gertatu zen eta Jean Baptiste Garat -en nahia zen betidanik, Hazparnen eraikitzea etxe hori. Nafarroa eta Lapurdiren juntan zelakotz, eta ere, bere sort-Herria gainerat. Ez da gure gogoa Apez hunen bizi osoaren aipatzea hemen, bainan nola Garat Pikasarri-ren gazte denborako ixtorio batekin hasi dugun, bukatuko dugu hunen azken egunetan gertatuarekin. Ezindua zagolarik bere etxean, zangoek ez zuten gehiago atxikitzen eta norbeit behar zuen bere kaderarekin mugitzeko. Hazparnen, Jean Lissardi erretor zen denboran, ospe haunditan egin zuen Jesusen Bihotz Sakratuaren kongregazionearen pesta, Besta Berri zaharrez. Goiz hartan berean, Aita Garat-ek entzun zuen nola Hazparneko etxeko jaunek elgar aditu zirela, bihiaren prezioa emendatzeko. Denbora heietan gosea zen herrian eta langilek ez zuten lanerat galderik. Hori entzun zuelarik, ez zuen bere burua arrazoinatu ahal izan eta Bezperak hasi zirenetik, deitu zuen sehia erranez: "Har ene kadera, ereman behar nauzue elizarat." Bi mutilek ereman zuten beraz elizarat. Ordukotz, hau, konkorraino betea zagon eta guziak boztu ziren, Pikasarri behar zutela entzun. Prediku tenorea etorri zenean, Mahain Saindutik itzultzen da Aita Garat eta erraiten du:" Ez naiz predikatzerat etorria. Jaun Erretorak predikatuko derauzue nik baino hobeki; galdatuko diot bakarrik zenbait hitzen erraiteko baimena. Ikusten duzue jende erromesa (behartsua) zer hersturetan den. Ofizialek ez dute lanik, artoa egunetik egunera goratuz doa, bazterretan hainitz labe ja ez dire gorritzen. Ai! Zuek, aberatsak, go emazue Jainkoak ez zaitzaten fundi, jende gaixoaz ez bazarete urrikaltzen horrelako hesturan. Ez da zueri behatzen den lana erraitea, zer heinetan saldu behar duzuen ogi ala artoa. Auzapezak bakarrik egin dezake hori". Harriturik bezala, bihiak beheratu ziren eta jendeak deskantsu poxi bat izan zuen. Hori izan zen Aita Garaten azken ateraldia; handik zazpi ilabeteren buruan joan behar zen Jainkoaren ganat. 1847 urtean Urtarrilaren lauean zendu zen Aita Garat Pikasarri, 73 urtetan. Hil ondoan Hazparneko elizaren erdian ezarri zuten bere kadiran jarria zagola eta hola agertzen zen herritarren aintzinean. Gorputza prosesionean eremana izan zen bere kadiran jarririk Misionesteko kapera arte eta han ehortzia da postura berean.
Lehen misionea ( 1820-1821)an
Iduriz, sei urte, Hazparneko misionesten etxea eraiki aintzineko gertakaria da hau.
(Lehen misionea eman zuten Jaun Misionesten ohoretan, Bernard Larralde Bordaxuri-ren pertsuak)
1 Ahazparnen artzain handia, artzain estimagarria, Bere partetik sustengatzen du bortizki erreligionea, Orai ere herrian du bere gostuz Misionea, Otoitz dezagun Zeruko Jainkoa kontserba dezon bizia.
2 Ahazparne lehen ere askotan da distingatu, Oraino ere obra on egiten ez ahal da eneiatu, Misione bat xarmagarria orai zaio arribatu, Non ez den arras paganoa, behar baita konbertitu.
3 Misione horren izendatzeaz egiten ote da sumarik ? Mundu guziak badakigu ongi dela hautaturik, Bat Baionatik, bertzia Lapurdin, biga Baxenabarretik, Apostoluien imitatzeko non ote dute parerik?
4 Zuk beraz Monsieur Lahirigoyen Baiona duzu kitatu, Zure anaiak Lapurtarrak nahi'tutzu gonbertitu, Sasoin gogorrik, ez adinik ez duzu kontsideratu, Erreligioneaz kestione baitzen, oro ditutzu bentzutu.
Segida 5
Huna non dugun Monsieur Belloc, hala etsenplu ederra ! Jaungoikoak kontserba detzola memorioa eta sukarra, Ahazparnen baginuen holako baten beharra, Gisa guziez iduri du Apostolu zaharra.
6 Monsieur Jauretche jartzen denian predikuko kadiran Gauzak nola xehatzen'tuen mihiz ez daiteke erran, Haren presentzia ederra jakintasun harekilan, Hainitz da miragarria eginbide guzietan.
7 Monsieur Malgor, nola behar naiz oraintxet zuri mintzatu ? Aldi bat soilki aditu eta, orduian nauzu harritu, Nahiz modestiaz daukuzun gazte zirela markatu, Ez dugu zure prezioa gutiago estimatu.
8 Gure artzainari behar daizkogu orok eskerrak bihurtu, Dudarik gabe autoritatia ere parteliar sartu, Misione hunek Ahazpandarrak balin bagaitu garbitu, Nondik jin zaikun iturria ez dugu behar dudatu.
9 Adios beraz, Jaun Misionestak, ez otoi har ofentsaturik, Ene ganik ez duzuie izanen mez saririk, Bakotxak bere present gisak egin dezala herritik Eta nik, moltsa hunki gabe, guzier koblak urririk!